37 Galdera Mugaz Bestalde Dudan Kontaktu Bakarrari

37 Galdera Mugaz Bestalde Dudan Kontaktu Bakarrari

Ruper Ordorika

Esaidan, zoriontsuak al zarete
mugaz bestaldeko biztanleak?
Kausitzen al duzue maitasunik
sikira zuen maitatuen arteko
ehundiko hogeitabost edo
hogeiaren baitan, ala hemen bezala
mutu al diraute telefonoak,
bihotz mortuak bailiren gauez gau
bihotz mortuak bailiren etxeko
laberintoaren azkeneko salan?
Zuen erresumako lurraldeen artean
ba al dago Greenland edota
Groenlandia deitutako parajerik?
Ospelak al dira hango haranak?
Ba al daude Shell konpainiako
gasolinategiak, eta ez al dira biltzen
tximeletak kolore horiko karrankaletan?
Neguan ere ez? Ez al du esistitu han
Cenizas bezala firmatzen zuen espia batek?
Esaidan, zoriontsuak al zarete
mugaz bestaldeko biztanleak?
Ez al duzue karramarroekin
ametsik egiten? Eta ume itsuekin?
Tom Simpson ziklistarekin akordatzen
al zarete inoiz? -nola
asfisiatu zen Aubisque mendian gora,
nola bere elastikoak axedrez taula apurtu bat
zirudien karreteraren harri txintxarretan?
Mugaz bestaldean, hostoek ematen
al diete babesa fruituei?
Ba al dago marrubirik? Arrain abisalek
ba al dute aurresentipenik
eguzkiaz, ba al dakite argia
eta iluna hitzak bereizten?
Trena hartu eta egunaren
trasparentzian izkutatu zen jendeak,
azken unerarte gorde al zuen
geldi zitekeeneko ilusioa?
ala esan zaidan, haize boladetan
datzala txorien halabeharra,
ba direla portua sekula arkitzen
ez duten untziak itxasoan.
Zuek patua aipatzen duzuenean zertaz
ari zarete, zehazki?
Lan seguru baten abantailaz?
Edo laranjarekin jaten denaz, sinpleki?
Otoi egiterakoan, gogoan izaten
al dituzue desertuko karabanak?
Asko al dira, asko al zarete
mugaz bestaldeko erresuma hartan?
Egunero kaletik ikusten dudan jende hau,
han bizi al da?

37 Galdera Mugaz Bestalde Dudan Kontaktu Bakarrari

Comentarios

Deja tu comentario:

Noticias de interés

Últimas noticias musicales

Reportar letra